2012-10-05

Birziklapena Lehen Hezkuntzan

Argazkiaren iturria
  Birziklapena, gizartean gero eta gehiago sustatzen saiatzen garen fenomenoa da. Modu horretan, gehiago erabiliko ez ditugun material horiei, bestelako erabilgarritasuna eman diezaiekegu: elementu berriak sortuz edo makina batzuen bidez, material horiek berrituz.
 
  Era horretan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin birziklapena lantzeko gero eta jarduera gehiago proposatzen dira urtero. Ildo beretik jarraituz, gogoratzen dut nola Lehen Hezkuntzan nengoelarik, birziklapenaren inguruan jarduteko, ikasturteko denbora tarte jakin batean zehar zenbait ekintza gauzatu genituen. Tarte horretan, desberdinak izan ziren eman genituen pausoak; lehenik eta behin, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagueran, material berriztagarriak eta berriztaezinak, baita Lur planetaren kutsadura ere jorratzen ari genituelarik, klasean papera, plastikoa eta material organikoak sailkatzeko ontzi desberdinak kokatu genituen ikasgelako esparru desberdinetan. Eginkizun honek, gure baitan eragin zuen, Lurraren kutsadura ekiditeko prozesu horretan parte hartzen genuela ohartu baikinen. Gainera, ariketa bateko zirriborroak egiterakoan edo atsedenaldi euritsuetan marrazkirik egin nahi bagenituen,  gehiago erabiliko ez ziren fotokopiaturiko orriak banatzen zizkigun irakasleak. Banatu ezean, kutxa batean pilatzen zituen soberan zeuden fotokopiaturiko orri horiek, eta ikasleok eskubide osoz orriren bat behar izatekotan, bertara jotzen genuen.

  Hala eta guztiz ere, birziklapena kontzeptua eta prozesu bera ulertzeko bide horretan, gehien gustatu zitzaidana Loiolako gune batera egindako txangoa izan zen. Bertan, informazioa eskaintzen ziguten pertsona batzuek, birziklapenaren inguruko prozesua azaldu ziguten eta gure galderei erantzun zieten, argibideak emanez. Baina, interesgarriena eta jarduerarik dinamikoena, ikasitakoa praktikara eraman behar izan genuenean izan zen. Izan ere, kolore desberdinetako lau zakarrontzi handi aurkeztu zizkiguten; horia, urdina, berdea eta grisa. Horren ostean, material desberdinez egindako elementu bana eman ziguten, eta banaka ateraz, elementu hori era egokian sailkatu behar genuen zegokion zakarrontzian sartuz.
 
  Honekin bat eginez, pasaden urtean garatu behar izan genuen lan batean, Lehen Hezkuntzan nagusitzen den kontsumoaren inguruan jardun behar izan genuen. Bertan, ikasleentzako jarduera dinamiko, parte-hartzaile eta aktibo gisa, birziklapena ikasgelan bultzatzeko planteamendua aurkeztu genuen, ariketa taldekideok diseinatu genuelarik.
 
  Hortaz, hau bezalako ekintza praktikoetatik ikasleek gehiago ikas dezaketela deritzot. Nik bizitako esperientzian oinarrituz, eta klasean ikasleen ikasteko gaitasunaren inguruan eskuratutako jakintzak aintzat hartuz, orokorrean norbere ikerketetatik hobeto ikas daiteke. Norberari sortzen zaizkion zalantzak eta egiten dituen akats horietatik, modu eraginkorrean ikas dezakeelako.

No hay comentarios: