2012-11-21

Webquest-ak ingurumena lantzeko baliabide gisa

Argazkiaren iturria
  Duela zenbait aste, webquest-en inguruan jardun nintzen, hauek zertan datzaten eta irakaskuntza eremuan dituzten  abantailak eta desabantailak aztertuz. Orokorrean, nahiko erabilgarriak dira, ikasleek era dinamikoan eta praktikoan, ezagutzak eskuratzen dituztelako ikuspuntu eraikitzaile batetik. Gainera, ezaguna denez, ikasleek baliabide teknologikoen bidez jasotzen duten irakaskuntzaren aurrean, motibazioa nagusitzen da, baita euren jarrera aktiboa ere.
 
  Hala eta guztiz ere, badaude zenbait eragozpen webquest-ei erreparatuz gero. Izan ere, ikasleen sormena oso urria da, bertan planteaturiko jarduerak burutzerako orduan, bilatu beharreko informazio iturriak eskuragarri baitituzte "prozesua" atalean bertan. Beraz, autonomia eskasa nabarmena da ikasleengan, informazioa lortzeko euren baliabideak eta abileziak garatzen ez dituztelarik.
 
  Era berean, zenbait webquest orrialde arakatu ditut, material interesgarria topatzeko asmoz. Webquest guztiak, egitura aldetik antzekoak badira ere, landu beharrekoa eta ondorioa aurkezterako unean, era desberdinak daude webquest horren xedea aintzat harturik. Hortaz, bi izan dira hautatu ditudan webquest-ak, biak berotegi efektuaren inguruan jarduten dutela. Honen bidez, haien arteko aldeak eta jardueren planteamendu erak aztertu nahi nituen, baita blog honetako aurreko sarrera batean jorraturiko berotegi efektuaren gaiarekin bat zetorren ariketa pedagogikoa planteatzea ere.
 
  Aipatu beharrekoa da, hautatu ditudan bi webquest-ak bi ikasleek gauzaturikoak izan direla, irakaslearen rola gertutik jokatu ahal izan dutelarik. "Berotegi efektua" gaia planteatzerakoan, antzekoak izan dira. Izan ere, gauzatu beharreko galderak nahiko berdintsuak dira haien artean. Nahiz eta, webquest batean bestean baino informazio iturri gehiago agertarazten diren. Gainera, irudiak gaia aurkezteko baliabide gisa bietan eman dira, ataza bisualagoa egiten dutelarik. 
 
  Hau guztia aintzat harturik, Lehen Hezkuntzako, hirugarren zikloko, seigarren mailako ikasleei bideraturik dagoela, Lur planeta kutsatzen duten eragileen inguruko webquest baten sorkuntza egitea azaleratuko nieke, Natura, Gizarte eta Kultura-Ingurunearen Ezaguera irakasgaian. Modu horretan, ikasleek taldeka eta haien arteko eztabaidaren, zein adostasunen bitartez, ikasiko lukete, jarrera kritikoa sustatuz. Horretarako, metodologia hau planteamendu gisa aurkezten dut:
1. Webquest-ak egiteko pausoak eta eginkizunak azaldu, baita landuko den gaia bera planteatu ere.
2.  Aurrenik, haurrak bost pertsonako taldeetan banatuko nituzke eta talde bakoitzak gustuko duen eta interesgarria iruditzen zaion eragile kutsatzaile baten hautaketa egiteko eskatuko nioke. Hori bai, talde bakoitzean eragile desberdina landu beharko da, inolako errepikapenik eman ez dadin.
3. Ikasleen sormenaz eta autonomiaz baliatuz, irakasleak lanen bideratze malgua eta egokia egin beharko du. Gerora, sormen hori erabiliz, klasean ideien aniztasuna azalduko delarik.
4. Ikasle taldeek, ikasgelaren aurrez-aurreko aurkezpena egitea, talde bakoitzak bere lana azalduz, besteek ulertzeko xedearekin.
 
  Klasean garatzeko honako ariketa hau, Lehen Hezkuntzari begira, Ingurumenaren kutsadura lantzeko beste era izan daiteke. Hori bai, kontuan hartu beharrekoa da ariketa honek, ikasleen hazkunde prozesuarekin bat etorri behar dela. Horregatik, egokiagoa izango litzateke Lehen Hezkuntzako, hirugarren zikloko ikasleekin lantzea.
 
  Hona hemen nik bilaturiko eta azterturiko bi webquest-ak, "Berotegi efektua"-ren inguruan:


No hay comentarios: