2012-12-10

Ingurunea lantzeko jolas interaktiboak

  Blog honen amaierara heldu garelarik, azkeneko sarrera gisa, aurreko sarreretan jorratutakoa lantzeko zenbait jolas interaktibo proposatuko dizkizuet. Hauek, birziklapenaren eta natura beraren inguruan aritzeko erabilgarriak izan daitezke, Lehen Hezkuntzako ikasle ororentzat zuzendurik daudela. Eragozpen bakarra, gazteleraz ageri direla da, ordea, Gaztelania eta Literatura irakasgaian jorratzeko planteatu daiteke, ikastetxeren batean, ingurunearen gaia ikasturte horretako planifikazioaren barruan sartzekotan.
 
  Alde batetik, zuhaitzen eta birziklapenaren letra sopak aurkeztuko dizkizuet, bi gai hauek barne hartzen dituzten sei elementu aurkitzeko. Hona hemen gai bakoitzerako letra sopak:

  Topa itzazu zuhaitzengandik eskura ditzakegun 6 elementu:
 
  Topa itzazu birziklatu daitezkeen 6 elementu:

  Horrez gain, eta birziklapenaren gaiarekin lotura zuzena duela, bestelako jolas interaktiboa topatu dut. Azkeneko honen bidez, ikasleek kolore desberdinetako zabor-ontzi bakoitzean zer material sartu behar den ikas dezakete. Gainera, jolas honek haurren motibazioa sustatu dezake, amaieran mezu motibagarriak ageri baitira. Hona hemen birziklapena lantzeko jolasa:

2012-12-03

Lurraren eguna, posterra

 
  Hau bezalako posterra, egokia izan daiteke Lehen Hezkuntzako ikasleen artean IKT-ak eta Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezaguera irakasgaia bateratzeko. Ildo beretik, Arte Hezkuntza irakasgaia ere landu daiteke, arte adierazpenak erabiltzen direlarik, ikus-elementuekin batera.  
 
  Beraz, poster hauek egiteko, Glogster izeneko web orrian sartu beharko ginateke eta bertan harpidetu. Ondoren, Log In tekla sakatuz, posterrak egiteko orrian sartuko ginateke eta bertan ageri diren aukeren artean, bat aukeratu beharko genuke.
 
 
  Gero, TOOLS aukera aurkeztuko zaigu, bertan klik eginez gero, baliabide anitz ageriko dira posterrean txertatzeko: testuak, irudiak, bideoa, eta abar. Honetan jardun beharko ginateke posterra amaitu arte. Posterra behin bukatutzat ematen dugularik, SAVE jartzen duen aukerari eman beharko genioke, gure posterra egina dugu!
 
  Eragozpen bakarra, ingelesez dagoela da. Baina, Atzerriko Hizkuntzako irakaslearekin landuz gero, hirugarren zikloko ikasleentzat honelako baliabideekin jardutea eta interakzioan egotea, aproposa izango litzateke. Izan ere, honen bitartez, ikasleen sormena gara daiteke, eurek gustuko duten gai baten inguruan jardunez gero. Hala ere, eta ingurunearen gaia jorratzeko, zuhaitzaren eguna; Lur planetaren eguna edota natura barne hartzen duen bestelako ekitaldi baten posterra diseinatzeko ere eska diezaiekegu. Horrela, euren gaitasunak lantzearekin batera, ingurunearekiko ardura ere sustatuko dute. Hortaz, haurrek Web 2.0. honetan, haien ezagutza maila aberasten dute, eguneroko bizitzako eginkizunekin uztartzen dutelarik.
 

2012-11-30

Sarreren ranking-a!

  Aurreko astean aipatu bezala, blog honetan argitaraturiko sarreren ranking-a gauzatuko da, gustuko sarrera zein izan den jakiteko. Orokorrean, sarrera guztietan ingurunea eta bertan dagoen kutsadura landu da, faktore desberdinak behatuz. Gainera, gai honek Lehen Hezkuntzarekiko duen harremana eta lotura nolakoa den ere ikertu da. Beraz, has gaitezen lehenengo bost sarrera horiek zeintzuk izan diren adierazten!
 
Bosgarren postuan: LUR PLANETAREN SORRERA.
 
Laugarren postuan: BIRZIKLAPENA LEHEN HEZKUNTZAN.
 
Hirugarren postuan: AUTOEN KUTSADURA NEURTZEKO SEMAFOROA.
 
Bigarren postuan: ESKOLAKO AGENDA 21 BULTZATU BEHARRA.
 
Argazkiaren iturria
Lehenengo postuan: LEHEN HEZKUNTZAKO UMEEN IKUSPUNTUA GURE INGURUNEAREKIKO.
 
  Azkeneko hau sarrerarik ikusiena izan da. Badakizue, grafomotrizitatearen bitartez, ikasleen aurreiritziak, zein pentsamenduak aztertu daitezkeela. Hortaz, umeen aurrezagutzak aztertzerakoan, ohiko galderak noizbehinka txandakatu daitezke, grafomotrizitatea baliabide gisa erabiliz. Hala ere, bestelako sarreretan proposatzen diren jarduerak gauzatzea ere interesgarria izan daiteke.

2012-11-26

Ingurunea, artearen eskutik

  Gaur, birziklapena landuko dugu arteari aplikatuz. Sarrera honetan, material birziklatuen bitartez lepokoak eta bestelako apaingarriak sortzeko tailerraren berri emango da. Honako hau, interesgarria gerta liteke ikasleei planteatzeko, eta zeharkako modu batean, birziklapenaren praktikotasuna ikasgelan aurkezteko ere.

  Horretarako, honako hauek dira eskuratu beharreko materialak:
  • Etxeko aldizkari eta egunkari zaharrak.
  • Artaziak.
  • Kola itsaskorra.                                         
  • Zotzak.
  • Goma beltz mehea.
  • Pintzelak.
  • Barniza.
  Hau behin eskuraturik, hurrengo prozedura jarraituko da:
  1. Aldizkarietako, zein egunkarietako zenbait orrialde hartu eta artaziez baliatuz, tiratan moztuko ditugu.
  2. Tirak behin izanda, hauek kiribildu beharko dira, zilindro itxura hartu arte. Horretarako, zotzez baliatuko gara, hauek oinarri hartuta eta orri zatia zotzaren inguruan birak emanez, nahi dugun itxura ematen diogularik. Kontuan izan, kiribildura horren erdialdean zulotxo bat utzi behar dela, gerora goma beltz mehearekin zeharkatzeko.
  3. Kiribildura hori izanda kola itsaskor apur bat jarriko zaio ertzean zikatzen uzten dugularik. Prozedura hori erabiliko dugu, zilindro multzo jakina izan arte.
  4. Zilindro itxurako orri zatiak, behin lehorturik daudela, goma beltz mehearekin zeharkatuko ditugu eman nahi diogun hedadura lortu arte. Esaterako: lepokoa edo eskumuturrekoa sortzeko.
  5. Azkenik, eta aipaingarria osaturik dagoela,  barniza emango diogu, gure apaingarriak trinkotasuna eskura dezan. Hau, irakaslearen laguntzaz gauzatuko dute, hurrengo egunera arte zikatzen uzten dutelarik, eta BADAGO, GURE APAINGARRIA DUGU!
Argazkiaren iturria
     
Argazkiaren iturria

2012-11-21

Webquest-ak ingurumena lantzeko baliabide gisa

Argazkiaren iturria
  Duela zenbait aste, webquest-en inguruan jardun nintzen, hauek zertan datzaten eta irakaskuntza eremuan dituzten  abantailak eta desabantailak aztertuz. Orokorrean, nahiko erabilgarriak dira, ikasleek era dinamikoan eta praktikoan, ezagutzak eskuratzen dituztelako ikuspuntu eraikitzaile batetik. Gainera, ezaguna denez, ikasleek baliabide teknologikoen bidez jasotzen duten irakaskuntzaren aurrean, motibazioa nagusitzen da, baita euren jarrera aktiboa ere.
 
  Hala eta guztiz ere, badaude zenbait eragozpen webquest-ei erreparatuz gero. Izan ere, ikasleen sormena oso urria da, bertan planteaturiko jarduerak burutzerako orduan, bilatu beharreko informazio iturriak eskuragarri baitituzte "prozesua" atalean bertan. Beraz, autonomia eskasa nabarmena da ikasleengan, informazioa lortzeko euren baliabideak eta abileziak garatzen ez dituztelarik.
 
  Era berean, zenbait webquest orrialde arakatu ditut, material interesgarria topatzeko asmoz. Webquest guztiak, egitura aldetik antzekoak badira ere, landu beharrekoa eta ondorioa aurkezterako unean, era desberdinak daude webquest horren xedea aintzat harturik. Hortaz, bi izan dira hautatu ditudan webquest-ak, biak berotegi efektuaren inguruan jarduten dutela. Honen bidez, haien arteko aldeak eta jardueren planteamendu erak aztertu nahi nituen, baita blog honetako aurreko sarrera batean jorraturiko berotegi efektuaren gaiarekin bat zetorren ariketa pedagogikoa planteatzea ere.
 
  Aipatu beharrekoa da, hautatu ditudan bi webquest-ak bi ikasleek gauzaturikoak izan direla, irakaslearen rola gertutik jokatu ahal izan dutelarik. "Berotegi efektua" gaia planteatzerakoan, antzekoak izan dira. Izan ere, gauzatu beharreko galderak nahiko berdintsuak dira haien artean. Nahiz eta, webquest batean bestean baino informazio iturri gehiago agertarazten diren. Gainera, irudiak gaia aurkezteko baliabide gisa bietan eman dira, ataza bisualagoa egiten dutelarik. 

2012-11-19

Lur planetari ikusmiran, sarreren ranking-a

  Ikusi ahal izango duzuenez, blog honen eskuin aldean, Lur planetari ikusmiran  blog-ean argitaraturiko sarreren artean ikusiena ageriko da. Horrela, lehenengo 5 sarrera interesgarrienak zeintzuk izan diren erreparatuz, ranking moduko bat egingo da hilaren amaieran.
 
  Animo, eta jarraitu gure ingurunea zaintzeko, baita hau Lehen Hezkuntzan nola susta daitekeen berrien inguruan ezaguerak eskuratzen ere! 

2012-11-14

Ura, zaindu beharreko altxorra!

Argazkiaren iturria
Argazkiaren iturria

  Aurreko sarrerak aintzat harturik, ikusi ahal izan dugun moduan, gaur egun kutsadura nagusi da. Beraz, eta gaurko sarrera honen bidez aurkeztuko dizuedalarik, urarengan eragindako kutsadura hori, berotegi efektuaren eta gizakiok orokorrean sortzen dugun zaborraren ondoriozkoa da.

  Ura, gizakiok bizirauteko behar dugun baliabide garrantzitsua eta ezinbestekoa, baita baliabide berriztagarria da ere. Baina, gizakien jarduera anitzen ondorioz, ura hain kutsaturik egon daiteke, ezen gerora erabilgarria izateari utz diezaiokeen. Beraz, ibaietako, lakuetako eta itsasoetako urak, kutsaturik ager daitezke, batik bat. Latiniando-ren arabera, kutsadura eragiten duten faktore horietako batzuk, honakoak dira:
  • Desegin organikoetatik, uretan sartzen diren agente patogenoak (birusak, bakterioak, eta abar); edota oxigenoa behar duten horiek.
  • Substantzia kimiko inorganikoak, hau da, metal toxikoz konposaturiko azidoak. Esaterako; merkurioa, artsenikoa eta beruna, zeinak ura pozoitzen duten.
  • Landareen nutrienteek, itsas-azpiko landareen gehiegizko hazkundeak sor dezake. Hauek, gerora hil eta deskonposatu egiten dira, uretan ageri den oxigeno guztia agortuz, eta ekosistema horretako espezieen heriotza sortuz.
  • Substantzia kimiko organikoak. Adibidez: petrolioa edo plastikoa. Azkeneko honi erreparatuz, plastikoari buruz, blog honetako aurreko sarrera batean informazio gehiago topa dezakezue, gehiago jakin nahi izatekotan.
  • Sedimentuak edo esekita ageri den materia. Honi dagokionez, lurrean aurki daitezkeen partikula disolbaezinak dira, eta uraren kutsadura eragiten duten iturririk nagusienak dira.
  • Substantzia erradiaktiboak, zeinak minbizia eta sortzetiko gabeziak sor ditzaketen.
  • Beroak. Izan ere, batzuetan urari ur beroa atxikitzen zaio, eta honek bertako oxigeno kopurua murrizten du.
  Horrez gain, izakiek egunero zabor kopuru handia sortzen dute, kopuru honen zati handia ibaietara, nahiz lakuetara isurtzen dutelarik. Antza denez, gizartea oraindik ez da konturatu zaborra uretara isurtzeak ekar ditzakeen baldintza latzak zer nolakoak izan daitezkeen. Izan ere, gure Lur planetan, gero eta ur edangarri gutxiago aurki daiteke. Gainera, berrietan entzun dezakegunez, gero eta lehorte gehiago daude. Ildo beretik, pertsonek egiten duten uraren kontsumo neurrigabearen eraginez, ur litro asko xahutzen dira, ondorioak zeintzuk izan daitezkeen aintzat hartu gabe. Ondorio horiek, ecologismo.com-ek aurkezten dituenen artean honako hauek aipatu beharrekoak dira:

2012-11-11

Berotegi efektua

  Berotegi efektua, lurrazaleko tenperatura bitartekoaren igoerari deritzo, zeina aldaketa klimatikoaren sintoma eta ondorio gisa hartzen den.

  Lillian Bird-en eta José Molinelli-en (2001) arabera, XIX. mendearen amaieratik, zientzialariek Lurraren gainazaleko tenperatura bitartekoan, igoera nabarmena sumatu dute. Igoera hori, 0.5ºF eta 1.0ºF bitartekoa izan dela uste da. Ildo beretik jarraituz, XX. mendeko hamar urterik beroenak, 1985 eta 2000 urteen artean izandakoak direla esaten da, 1998 urterik beroena izan zela aintzat hartuz. Hainbat dira berotegi efektuak gauzatu dituen eraginak: itsaso Artikoaren ur gainean zeuden izotz-puskak urtu dira, esaterako.

  Horrez gain, berotegi efektua zenbait auzien ondoriozkoa da. WWF-k dioenaren arabera, erregai fosilen errekuntza eragile nagusietako bat da. Izan ere, euren errekuntzan CO2-a kanporatzen dute atmosferara. Hala eta guztiz ere, gizakiek suertatzen dituzten bestelako jardueren eraginez ere, zeinak industrializazioarekin lotura zuzena duten, azken urteetan atmosferan biltzen diren gasen pilaketa handiagoa izatea ekarri du. Hortaz, atmosferak izan beharreko bero kopurua baino gehiago gordetzen du, eta horrek gaur egun berotegi efektua edo aldaketa klimatikoa bezala ezagutzen duguna suertatu du. 
 
  Era berean, aurreko guztia kontuan harturik, berotegi efektuak zenbait ondorio gauzatzen ditu arlo desberdinetan. Orain horietako arlo garrantzitsu batzuetan ematen ari diren ondorio nagusietako batzuk aipatuko dizkizuet:
 

2012-11-05

Zenbateko kutsadura sortzen dut?

          Lur planetari ikusmiran blog honetan zehar, Lurraren kutsadura gaiaren inguruan hainbat alor jorratu dira. Beraz, norberak bere kasuan zenbateko kutsadura sortzen duen ikus dezan, garatu dudan honako inkesta hau egitea proposatzen dizuet. Horrela, inkesta behin eginda eta lortutako emaitza ikusita, hausnarketa pertsonala sustatuko da, bakoitzak bere kontura hobekuntzak lortzeko neurriak hartzen dituelarik. Inkestaren emaitzak ikusteko sakatu +irakurtzeko esteka. Anima zaitezte eta ikus ezazue zer nolako konpromiso jarrera duzuen ingurunearekiko!

     1. Ikastolara edo lanera joateko...
    a) Garraiobide publikoa erabiltzen dut.
     b) Kotxea erabiltzen dut.
     c) Oinez edo bizikletaz joaten naiz.

     2. Gozoki bat jatean...
    a) Azala lurrera botatzen dut.
     b) Paperontzi bat bilatzen dut hura botatzeko.
     c) Poltsikoan gordetzen dut, zakarrontzirik ez badago.

     3. Nire etxean...
    a) Ez dugu birziklatzen.
     b) Birziklatzen dugu.

     4. Hortzak edo eskuak garbitzean txorrota zabalik usten duzu?
    a) Bai, hortzak edo eskuak garbitzen bukatu arte.
     b) Ez, behar dudanean baino ez dut zabaltzen.
     c) Batzuetan bai, beste batzuetan ez.

     5. Etxean, zenbat telebista dituzu?
    a) 3
     b) 2
     c) 1
     d) 3 baino gehiago.

     6. Ikasgelan, zein etxean argi elektrikoa erabiltzen dut...
    a) Egunez, zein gauez.
     b) Egunez bakarrik.
     c) Gauez bakarrik.

     7. Jostailuetako pilen energia agortzen denean...
     a) Zakarrontzira botatzen ditut.
    b) Pilentzako, baterientzako eta elementu berezi horietara bideraturiko ontzietan botatzen ditut.

     8. Sukaldatu ostean, erabilitako olioa...
     a) Harraskatik botatzen dut.
     b) Ontzi batean gordetzen dut, dagokion zabor ontzian botatzeko.
     c) Beste batzuk.

     9. Hondartzan egonda, noizbait bota duzu uretara gehiago erabiliko ez zenuen zerbait (ogitartekoaren papera, pertsona nagusien kasuan zigarroak, eta abar)?
     a) Bai.
     b) Noizbait, baina ez asko.
     c) Ez.

     10. Galdera osagarria eta gogoetara bultzatzen duena. Gaur egungo gizarteak, Lurraren egoerarekiko jarrera kontzientea eta arduratsua duela uste duzu?
    a) Bai.
     b) Bai, gero eta gehiago.
     c) Ez.
     d) Ez, gero eta gutxiago.
 

2012-10-29

Gure Lurra 1978-tik, 2012-ra izandako bidea


Argazkiaren iturria
  Hona hemen gure Lur planetaren bilakaera 34 urtetan zehar, gaur eguneraino. Ikaragarria da zer nolako aldaketa izan duen denbora tarte txiki horretan. 

  "El Universal" agentziaren arabera, 2012ko otsailaren 2an argitaratu bezala, (NASA)-k, Estatu Batuetako agentzi espazialak, Lurraren ekialdeko hemisferioa bereizmen handian argitaratu zuen. Lurraren erretratu hau, bere gainazaletik 12.742 km-tara aterata dago. Baloi bat Lurra irudikatzen duela pentsatuz gero, eta gure aurpegitik 8 zentimetrotara jartzen badugu, argazkia hartu duen satelitea ageri den distantziaren berdina izango da. 
 
  Bilakaera honen arrazoirik nagusia, gizakiak beregain sortzen duen kutsaduraren ondoriozkoa izan da, besteak beste. Izan ere, bi argazkiak hemisferio beretik hartuak izan dira eta alderaketa eginez, ikus daiteke nola 1978. urtean berdegune gehiago zeudela, 2012. urtean baino. Antza denez, naturako esparru berde horiek, basamortuengatik ordezkatuak izaten ari direla. Egia da, bestelako hainbat faktore ere badaudela Lur planetaren ezaugarri fisikoetan eragina dutenak. Hots; gainazaleko erosioa, prozesu horien emaitzak eta denboraren igarotzeak dira horietako batzuk. Hala eta guztiz ere, gizakia da zalantzarik gabe eragin kaskarrenak sortzen dituenak. 2008an argitaraturiko blog bateko sarrera batean irakurri bezala, mundu mailan kutsaduraren inguruan egindako ikerketa batek dioenez, Lurraren 9 milioi hektarea hondaturik ageri dira. Hektarea hauek guztiak, ia euren funtzio biologiko guztia galdu dute, eta ziur aski ez dutela euren guztizko produktibitatea berriz bereganatuko. Honako hau, ordea, ez da bakarrik herrialde bakar batean ematen, lehen aipatu bezala mundu mailan ematen da. Gainera, modu kaltegarrian erosionaturiko lurren %65-a, Afrikan eta Asian daude.

  Goiko irudiak aurkezten duen moduan, gaur egun ia ez dira berde gunerik agertzen, hori gehiegizko populazioaren eraginez ematen baita. Izan ere, azalera batean pertsona gehiago sartzen ez badira, geruza begetala dagoen gunea hartu ohi da zibilizazio esparrua handitzeko. Aurkeztuko dizuedan hurrengo bideoaz baliatuz, Lur planetak denbora honetan zehar izan duen aldaketa zuen kontura antzemateko aukera izango duzue. 

2012-10-25

Lehen Hezkuntzako umeen ikuspuntua gure ingurunearekiko


  Munduarekiko dugun perspektiba, artearen bidez ere adieraz daiteke. Izan ere, artea ez da bakarrik margotzea edo marraztea, norbere pentsamenduak eta ideiak azaltzeko bestelako komunikazio bitartekaria ere bada. Horregatik, Lehen Hezkuntzan ikasleen arte hezkuntza garatzea funtsezkoa da, hainbat gaitasun eta trebetasun eskura baititzakete, esaterako: 2007ko Dekretuko, Curriculum ofizialean zehazten diren oinarrizko gaitasunak.

  Aurreko guztia aintzat hartuz, hemen aurkezten dizuet 11 urteko ume batek egindako marrazkia. Haur honi, Lur planetari erreparatuz, iraganean eta gaur egun antzeman daitekeenaren arteko alderaketa, artearen bidez irudikatzeko eskatu zaio. Alde batetik, umearen perspektibatik begiratuz, lehen” marrazkian, planetan gune berde gehiago zeudela adierazi du, naturako elementu gehiago gehitu dituelarik. Adibidez: Eguzkia, hodeiak, mendia eta zelai berdea. Gainera, umeak jolasten irudikatu ditu, euren inguruan inolako errepiderik edo kutsadurarik ageri ez delarik. Beste aldetik, gaur egungo ikuspegiari begira, fabrikak eta autoak marraztu ditu. Izan ere, bere ustetan, gaur egun Lurrak jasotzen ari duen kutsadura, fabrikek eta autoek izurritako gas toxikoen ondoriozkoa da, batez ere.

2012-10-17

Eskolako Agenda 21 bultzatu beharra

Argazkiaren iturria
  Guztiok dakigun moduan, Eskolako Agenda 21, hezkuntza zentroetan bultzatzen den ingurunearen aldeko programa da. Bertan, ikasleak dira protagonista nagusiak, eta haien parte hartze aktiboa eta interesa guztiz garrantzitsua da, toki bakoitzeko ingurumen arazoei aurre egiteko. 

  Eusko Jaurlaritzaren arabera, Eskolako Agenda 21, iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa da. Komunitatearen
partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du. Gainera, arlo desberdinek lankidetzan jarduten dute programa honetan: ikastetxeak, Eusko Jaurlaritzaren bi sailak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta  Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila) eta udalak.

  Lurraldearen iraunkortasunerako hezkuntza hau, EAE-n 2003. urtean hasi zen garatzen. Bertan ez ezik, munduko bestelako lurraldeetan ere zabaldu da, haren funtzioa nagusi delarik. (Ikusi, blog-aren eskuinean eskegitako Eusko Jaurlaritzaren gidan, 14. orrialdean). Horrez gain, Eskolako Agenda 21en bidez, irakasleak ikasleei inguratzen dieten arazoen berri eman ahal die era praktiko batean. Hots, hezkuntza praktika zabaldu egiten da ikastolan zehar, ingurumen arazo horiei proposamen desberdinen bitartez aurre egiten dietelarik. Gainera, ikasleen planteamenduak bertan funtzio nabarmena betetzen dute. Horrela, lurralde bakoitzeko ikasleek aurrera pauso txikiak eginez gero, maila orokorrean antzeman daitezke onura horiek, ingurumenean islatzen direlarik.

2012-10-08

Reciclator bideojokoa

  Hona hemen Reciclator, haurrentzako bideojoko interesgarria eta hezgarria. ALBOAN, Jesuitek bultzatutako fundazioan, aurkitutako bideojoko honen berri eman nahiko nizueke.

  Reciclator, Gamepro (2001) sortutako bideojokoa da, zeina 6-16 urte bitarteko umeentzat bideratuta dagoen. Honen bidez, Garapenerako Heziketa landu nahi da, eta zehatz mehats, birziklapena. Bideojoko honen hautaketa egokia dela iruditu zait, aurreko sarreran aipatutakoarekin lotura zuzena baitu. Hortaz, Lehen Hezkuntzako, zein Bigarren Hezkuntzako ikasleei eskainita dagoenez, irakasleek honen erabilera egin dezakete. Izan ere, birziklapenaren arazoa era praktikoan landu dezakete ikasleekin, azkeneko hauek jarduera dinamiko bezala ikusten dutelarik. Gainera, dakigun moduan, ikasleek orokorrean, hobeto trebatzen dira jarduerak tresna teknologikoen bitartez egiterako orduan, erakargarriagoa eta interesgarriagoa gerta baitaiteke eurentzat. Hau da, liburua ikas material gisa oso ohikoa denez gero, baliabide teknologikoen bidezko ikasketa bideratzea, modu egokia izan daiteke  ikasleengandik lortu beharreko gaitasunak eskuratzeko, besteak beste.

  Beraz, bideojoko honetan aritzera animatzen zaituztet. Horretarako, eta nahi izanez gero, ALBOAN, aurretik aipaturiko fundazioan klikatu eta bideojoko honen inguruko informazioa erabilgarri izango duzue. Gainera, web orrialde horretan, birziklapena eta horrek dakarren neurriak, haurrekin , eskolan, zein etxean jorratzeko liburuak ere ageri dira.

2012-10-05

Birziklapena Lehen Hezkuntzan

Argazkiaren iturria
  Birziklapena, gizartean gero eta gehiago sustatzen saiatzen garen fenomenoa da. Modu horretan, gehiago erabiliko ez ditugun material horiei, bestelako erabilgarritasuna eman diezaiekegu: elementu berriak sortuz edo makina batzuen bidez, material horiek berrituz.
 
  Era horretan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin birziklapena lantzeko gero eta jarduera gehiago proposatzen dira urtero. Ildo beretik jarraituz, gogoratzen dut nola Lehen Hezkuntzan nengoelarik, birziklapenaren inguruan jarduteko, ikasturteko denbora tarte jakin batean zehar zenbait ekintza gauzatu genituen. Tarte horretan, desberdinak izan ziren eman genituen pausoak; lehenik eta behin, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagueran, material berriztagarriak eta berriztaezinak, baita Lur planetaren kutsadura ere jorratzen ari genituelarik, klasean papera, plastikoa eta material organikoak sailkatzeko ontzi desberdinak kokatu genituen ikasgelako esparru desberdinetan. Eginkizun honek, gure baitan eragin zuen, Lurraren kutsadura ekiditeko prozesu horretan parte hartzen genuela ohartu baikinen. Gainera, ariketa bateko zirriborroak egiterakoan edo atsedenaldi euritsuetan marrazkirik egin nahi bagenituen,  gehiago erabiliko ez ziren fotokopiaturiko orriak banatzen zizkigun irakasleak. Banatu ezean, kutxa batean pilatzen zituen soberan zeuden fotokopiaturiko orri horiek, eta ikasleok eskubide osoz orriren bat behar izatekotan, bertara jotzen genuen.

2012-09-29

Plastikozko poltsak gizartean

Gaur egungo gizartean, plastikozko poltsen erabilera arduratsua sustatu beharko litzateke.

Argazkiaren iturria
  Aurreko sarreran aipatu bezala, Lurraren kutsaduran eragiten duen faktore garrantzitsuetako bat, autoek izurtzen dituzten gasak izaten dira. Hala eta guztiz ere, hori ez da ezagutzen dugun faktore bakarra. Horien artean, asko daude eta gaur plastikozko poltsen inguruan arituko natzaizue.
 
  Ohikoa denez, gure eguneroko bizitzan egiten ditugun hainbat eginkizunetan, plastikozko poltsa anitz erabiltzen ditugu. Esaterako: erosketak egiterakoan, lagun bati zerbait eman behar diogunean, eta abarretan. Nahiz eta, konturatu ere ez garen egiten, plastikozko poltsa anitz pilatzen ditugu etxean, eta horietako askok ez ditugu ezta erabiltzen ere. Hots, poltsa horren barruan dagoen edukia atera bezain laster, poltsa tolestu eta etxeko armairu batean gordetzen dugu, hurrengo batean nolabaiteko erabilera emango diogularen ustetan. Gehienetan, horrela izaten da, ordea, ez ditugu guztiak erabiltzen. 
 
  Aldaize aldizkariak, 2010eko urrian argitaratu zuen 41.alean, plastikozko poltsen inguruko berri interesgarria idatzi zuen (artikulua irakurri nahi izanez gero, aldizkariaren ale hori blog-aren eskuma aldean izango duzue erabilgarri , 6.orrialdean). Bertan, estatu espainiarreko biztanle bakoitzak, urtean 238 plastikozko poltsa erabiltzen dituela dio. Hau da, 97.000 tona gutxi gorabehera. Zifra hauek, harrigarriak dira norberaren kontsumo propioa dela aintzat hartzen badugu. 

2012-09-24

Autoen kutsadura neurtzeko semaforoa

  Pasaden irailaren 19an, Vitoria-Gazteizen, autoek isurtzen duten kutsadura maila neurtzeko semaforoa jarri zuten. Hain zuzen ere, Avenida Gasteizen aurki dezakegu. Era horretan, auto bakoitzak zenbateko kutsadura igortzen duen neur daiteke. Ikerketa-lan hau, 10 egunetan zehar burutuko da.
  Semaforoaren esanahia:
  • Argi berdea pizten bada: kutsaduraren igorpen maila txikia da.
  • Argi laranja pizten bada: kutsaduraren igorpen maila ertaina da. Beraz, ez da egokia eta ingurumenarentzat kaltegarria dela esanahi du.
  • Argi gorria pizten bada: kutsaduraren igorpen maila oso altua dela esanahiko du.
  Modu honetan, teknologiaren bitartez, kutsadura isurpenak kontrolatzeko bestelako proposamena adierazi nahi izan dute. Era berean, gidariek eta orokorrean gizarteak ingurunearen babesaren gainean izan beharko luketen kontzientziaren gain eragin nahi da.

  Ikerketa honen inguruko informazio gehiago nahi izatekotan, hona hemen EITB 2-ko teleberrian igarritako berrriaren bideoa:
OHARRA: hurrengo bideoa ikusi nahi izatekotan, klikatu "+ irakurtzeko" ageri den estekan.

Bideoaren iturria
  

2012-09-17

Lur planetaren sorrera

  Wikipediako orriak kontsultatu ondoren, dakigun moduan, Lurra Eguzki-sistema osatzen duen hirugarren planeta da. Planeta hau, bizia duen bakarra da eta Eguzki-sisteman dagoenez gero, birak ematen ditu Eguzkiaren inguruan, translazio mugimenduaren bidez. Aldi berean, bere ardatzaren inguruan ere, errotazio mugimendua gauzatzen du.
4.500 milioi urte atzera eginez gero, Lurra nebulosa batetik sortu zen. Planetoide desberdinek talka egitean, Lurra geruza ezberdinez osatzen hasi zen. Behin osatu zela, asteroide batek Lurrarekin talka egin zuen haren zati bat kanporatuz eta Ilargia deritzon satelitea eratuz. Horrez gain, meteoritoek zeramaten uraren ondorioz, hidrosfera eta atmosfera sortu ziren.
Duela 4.000 milioi urte, lehenengo izaki bizidunak agertu ziren. Izaki bizidun horien artean, bakterioak zeuden. Hauek, fotosintesia garatzean, oxigenoa heldu zen atmosferara aurreneko aldiz. Beraz, geruza honen konposaketa guztiz aldatu zen. Gainera, pentsatzen denez, zelula prokariotiko anitzen elkarketarekin batera, lehen zelula eukariotoak sortu ziren. Azkeneko hauek gerora, animaliak, landareak, onddoak eta protistoak sortu zituztelarik.

2012-09-10

Ongi etorriak!

  Kaixo eta ongi etorri Lur planetari ikusmiran blog honetara!!

  Blog honetan zehar, gure Lur planetak jasaten duen kutsaduraren inguruan arituko natzaizue, baita hau konpontzeko har daitezkeen zenbait neurrien inguruan ere. Horrez gain, eskolako esparrua ere jorratuko da, gai hau eremu horretan nola lantzen den ikustarazteko asmoz.

  Espero dut hemendik aurrera argitaratuak izango diren sarrerak zuen interesekoak eta gustukoak izatea!

  Lur planetari ikusmiran

Argazkiaren iturria
                                                                    Argazkiaren iturria