2012-10-25

Lehen Hezkuntzako umeen ikuspuntua gure ingurunearekiko


  Munduarekiko dugun perspektiba, artearen bidez ere adieraz daiteke. Izan ere, artea ez da bakarrik margotzea edo marraztea, norbere pentsamenduak eta ideiak azaltzeko bestelako komunikazio bitartekaria ere bada. Horregatik, Lehen Hezkuntzan ikasleen arte hezkuntza garatzea funtsezkoa da, hainbat gaitasun eta trebetasun eskura baititzakete, esaterako: 2007ko Dekretuko, Curriculum ofizialean zehazten diren oinarrizko gaitasunak.

  Aurreko guztia aintzat hartuz, hemen aurkezten dizuet 11 urteko ume batek egindako marrazkia. Haur honi, Lur planetari erreparatuz, iraganean eta gaur egun antzeman daitekeenaren arteko alderaketa, artearen bidez irudikatzeko eskatu zaio. Alde batetik, umearen perspektibatik begiratuz, lehen” marrazkian, planetan gune berde gehiago zeudela adierazi du, naturako elementu gehiago gehitu dituelarik. Adibidez: Eguzkia, hodeiak, mendia eta zelai berdea. Gainera, umeak jolasten irudikatu ditu, euren inguruan inolako errepiderik edo kutsadurarik ageri ez delarik. Beste aldetik, gaur egungo ikuspegiari begira, fabrikak eta autoak marraztu ditu. Izan ere, bere ustetan, gaur egun Lurrak jasotzen ari duen kutsadura, fabrikek eta autoek izurritako gas toxikoen ondoriozkoa da, batez ere.
 
  Horrez gain, koloreen irudikapenari arreta jartzen badiogu, ezkerreko marrazkian, kolore biziak aurki ditzakegu. Adibidez: berdea nagusitzen da, zeinak naturaren errepresentazio zuzena egiten duen. Eskuineko marrazkian, ordea, kolore ilunak nabarmentzen dira. Horien artean, grisa da azpimarragarria, zeinak kutsadura eta gas toxikoen isurketak adierazten dituen. Aldi berean, guztiz desberdinak dira paisaiak, "lehen" marrazkian askoz ere konplexuagoa delako, espazio eta plano aldetik. "Orain" marrazkian, berriz, nahiko sinplea da, non kutsaduraren eragile nagusiak baino ez diren agertzen, umeak eragile horiek soilik irudikatu nahiko balitu bezala.
  
  Hortaz, artearen hezkuntzaren bidez, gainerako ezagutza-arloak aintzat hartuz, norberak eraikitako jakintza-eskemak islatu daitezke. Izan ere, 11 urteko ume honen kasuan, iraganeko eta gaur egungo Lur planetaren konparaketa egiterako orduan, ziur aski hezkuntza prozesuan sozializazio eragile desberdinengandik jasotako mezuak adierazi ditu. Hots, gurasoek eta irakasleek planetaren kutsaduraren inguruan transmititu dioten mezu horiek adierazi dituela marrazkien bitartez. Aldi berean, eguneroko bizitzan, ingurune hurbilean ikusten duen errealitate hori ere kontuan izan du irudikapena egiterakoan.
  
  Beraz, grafomotrizitatea ikasleen hainbat alderdi lantzeko balio duela ikus daiteke. Horregatik, honelako ariketa ikasleekin egitea interesgarria izango litzateke, esaterako: ingurunean dagoen kutsadura gaia jorratu aurretik, euren aurre-ezagutzak jakitearren ariketa dinamiko eta aktibo hau haurrei proposatu ahal zaie. Horrela, arte hezkuntza eta Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezaguera, hots, Lehen Hezkuntzako bi jakintza-arloak bateratu daitezke, ikasleek haien arteko erlazioa azter dezaten eta ingurunearen egoeraren inguruan hausnartu dezaten.

No hay comentarios: