2012-10-17

Eskolako Agenda 21 bultzatu beharra

Argazkiaren iturria
  Guztiok dakigun moduan, Eskolako Agenda 21, hezkuntza zentroetan bultzatzen den ingurunearen aldeko programa da. Bertan, ikasleak dira protagonista nagusiak, eta haien parte hartze aktiboa eta interesa guztiz garrantzitsua da, toki bakoitzeko ingurumen arazoei aurre egiteko. 

  Eusko Jaurlaritzaren arabera, Eskolako Agenda 21, iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa da. Komunitatearen
partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du. Gainera, arlo desberdinek lankidetzan jarduten dute programa honetan: ikastetxeak, Eusko Jaurlaritzaren bi sailak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta  Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila) eta udalak.

  Lurraldearen iraunkortasunerako hezkuntza hau, EAE-n 2003. urtean hasi zen garatzen. Bertan ez ezik, munduko bestelako lurraldeetan ere zabaldu da, haren funtzioa nagusi delarik. (Ikusi, blog-aren eskuinean eskegitako Eusko Jaurlaritzaren gidan, 14. orrialdean). Horrez gain, Eskolako Agenda 21en bidez, irakasleak ikasleei inguratzen dieten arazoen berri eman ahal die era praktiko batean. Hots, hezkuntza praktika zabaldu egiten da ikastolan zehar, ingurumen arazo horiei proposamen desberdinen bitartez aurre egiten dietelarik. Gainera, ikasleen planteamenduak bertan funtzio nabarmena betetzen dute. Horrela, lurralde bakoitzeko ikasleek aurrera pauso txikiak eginez gero, maila orokorrean antzeman daitezke onura horiek, ingurumenean islatzen direlarik.

 Hezkuntza mailan, Agenda 21 bultzatzen dituen jardueren bidez, 2007ko Dekretuak ezarritako oinarrizko konpetentziak landu daitezke. Hau da, Curriculum ofizialean, ikasleek ezagutza-arlo bakoitzeko konpetentzia zehatz batzuk lortu behar dituela finkatu ohi da. Horien artean: Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako konpetentzia; Ikasten ikasteko konpetentzia; Matematikarako konpetentzia; Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia; Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko konpetentzia; Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia; Giza- eta arte-kulturarako konpetentzia eta Norberaren autonomiarako eta ekimenerako konpetentziak daude. Hortaz, ingurumenaren babeserako programa hau, haurrentzako hezigarria izateaz gain, hauek eskuratu behar dituzten gaitasun guztiak ere sustatzen ditu.

  Lur planetari ikusmiran blog honetan lantzen den gaiarekin lotura estua duelako hautatu dut gaur zuei honen berri ematea. Azken finean, Lehen Hezkuntzan, baita Bigarren Hezkuntzan lantzen den programa da, non modu zuzenean Lurra eta haren arazoei aurre egiteko ekintzak bultzatzen diren. Gainera, umeengan interesa pizten da, jarduera aktibotzat eta interesgarritzat hartzen dutelarik eta ez, ordea, ezagutza-arlo bezala. Hitz gutxitan, Agenda 21 programaren bidez, hainbat ezagutza-arlo uztartu daitezke eta umeek Lur planetarekiko jarrera kritikoa eta kontzientea bereganatzen dute, arazo desberdinei autonomiaz eta ekimenez jarduten ikasten dutelarik.

  Bukatzeko, blog honen eskuineko aldean Eusko Jaurlaritzak argitaratutako, Eskolako Agenda 21en gida uzten dizuet. Bertan, horren inguruko informazio interesgarria eta osagarria eskura dezakezue, gehiago jakin nahi izatekotan.

No hay comentarios: